Azken Bideoa: Irailak 11an, adierazi!
Deialdiak Zabaldu!
Entzun!
Antzerkia: "HERIOA ETA DONTZEILA", TORTURAREN INGURUKO ANTZERKIA OSTIRAL HONETAN BERRIOZARREN
Fito Rodriguez EHUko irakasleak zuzenduta Ramon Agirre, Asier Sota eta Itziar Ituñoren laguntzarekin antzeslana tortura eta genero indarkerian murgiltzen gara. Berriozarko Musika eskolan egingo da antzerkia, arratsaldeko 20:30etan. Sarrera 5 euro balio du

Fito Rodriguez-ekin egindako elkarrizketa
Zertan datza antzerki obra hau?
Tortura eta genero indarkeria dira gai nagusiak, egungo gaiak dira horiek.
Bueno, genero indarkeria baino gehiago, generoen arteko harremanak azaltzen dira. Hiru pertsonaia bakarrik dira, bi gizonezko eta emakumezko bat, baina nik esango nuke emakumezkoak eramaten duela haria, haren hitzak du funtsean indarra. Ikusten da hitzak zein puntutaraino adieraz dezakeen sentimendua, eta bortizkeria, era berean, terapia ere bihur daiteke. Oinarri-oinarrian egoera politiko latz bat eta tortura daude. "Herioa eta dontzeila" lanaren irakurketa dramatizatu honetan, torturak jasan eta handik urte batzuetara bere torturatzaileetako batekin topo egingo duen emakume baten istorioa kontatzen du.
Nortzuk hartzen duzue parte?
Funtsezko laguntza izan da Ramon Agirre, Asier Sota eta Itziar Ituñorena. Gure artean funtzionatzen ari diren konpainia komertzial eta konbentzionalei proposatu nien, baina inork ez zuen erantzun onik eman. Aktore hauei esker izan da posible. Eta antzezteko garaian ere, profesionalki jakin izan dute lana behar bezala bideratzen, eta pozik gaude emaitzarekin.
Lan hau 46 hizkuntzatara itzuli da, eta orain zuk euskarara itzuli duzu, zer du berezia lan honek?
Ariel Dorfmanek dena elebitan idazten du, gaztelaniaz eta ingelesez. Haren testuak normalean hizkuntza batetik bestera ikaskuntzak egiteko eta abar erabiltzen dira, halako errespetu handia ematen diolako itzulpenari. Ardura berezia hartzen du, ahal duen neurrian, itzulpen guztiak segitzeko. Honetan ere, egindako egokitzapena ahalik eta gertuen jarraitu nahi izan du. Mundu osoan, beraz, erreferentzia bat da, ez Broadwayn hasi zelako eta filmak egin direlako eta oraindik ere antzezpen hori aurkezten delako, baizik eta haren testuak sekulako garrantzia duelako eta sekulako gaitasuna ematen duelako hizkuntza batetik bestera pasatzeko eta sentimendu bera adierazteko hizkuntza ezberdinetan. Horregatik heldu nahi izan diogu lan honi.
Antzeslan honen helburua euskal herritarrak tortura errealitateari hurbiltzea du helburu?
Bai.Momentu honetan, arte eszenikoak eta, orokorki, ikus-entzunezkoen bidea erabat hutsala da, komedia gatzik gabeak besterik ez da ematen, egun funtzionatzen duena esketx moduko barre faltsu eta arinak dira, eta hau guztiz kontrakoa da. Horregatik, ez dago aukera handirik, oso testu ona bada ere (edo nik esango nuke ona delako, hain zuzen) eta gaiak izugarriak badira ere, tortura barne, ez dela inor ausartzen hori aurrera eramaten.







